3  IKT hizkuntzaren erabilera eta hizkuntz paisaia

Sakondu nahi izanez gero: Carmichael eta Honour (2002); de la Cueva González-Cotera (2019); Lakhan eta Jhunjhunwala (2008); Pankaja eta Mukund Raj (2013); Yu eta Couldry (2022) Conijn et al. (2022); Wengelin eta Johansson (2023); Castelló et al. (2023); Abasolo eta Eguskiza (2023); Strömqvist et al. (2006) *

Gaia aurreko ikasturtean bitan zabaltzen nuen eta aurten bakarrean. Horregatik, eta denbora kontuengatik, ez da koherenteegia dokumentu honetakoa eta diapositibetakoa. Gaiaren hasiera diapositibetan dago eta hemen oso gutxi landuta dago.

Ariketa (1/2)

Ariketa honetan espero da zuk azken testuaren ezaugarriez gain, ekoizpen prozesuaz hausnarketa egiteko. Horretarako:

  1. Idatzi Etherpad instantzia batean1 testua:
    Berbazko diskurtso irakurria idatzi behar duzu, lanean hasi berria zaren ikastetxeak IKTen erabilera beste era batera bideratzearen onurez konbentzitzeko.

    Nork: Irakasle hasi berria
    Norentzat: Irakasle zahar eta ohituraz erratuak
    Zertarako: Claustroan irakurtzeko
    Helburua: Aldaketaren beharraz konbentzitzea

  2. Jaitsi testua formatu irakurgarrian eta etherpad formatuan, horretarako eskaintzen den esportazio - inportazio aukera erabilita (gezi bi elkarren gainean)

  3. Aztertu IDATapp erabilita eta alderatu beste taldekide batzuen idazketa prozesuaz eta ondorioak idatzi.

  4. Aztertu irakasleak pasatuko dizun zuen taldeko lana eta ondorioak idatzi, norbanakoaren idazkeraz eta talde lanaren eraikuntzaz.


Gai hau aurrekoarekin lotuta dagoen arren, IKTen beste dimentsio batez ari da: Teknologiaren erabilera hizkuntza idatzia erabiltzeko, hizkuntzaren erabilera bideratzeko eta hizkuntza idatziaren erabilera aztertzeko.

3.1 Idazkeraren lehenengo pausuetan

Bizkaiko ikastetxe bateko esperientzia aberasgarri bat dakargu.

Ikastetxean blog bat zabaldu zen orain dela urte batzuk ikastetxean egiten diren jardueren-eta berri emateko.

Orain dela zenbait ikasturte HHko bigarren zikloko irakasleak hurrengo ariketa proposatu zien ikasleei:

Orri zuri batean marraztu behar duzue zuek zer duzuen gogoko, marrazki hori ordenagailuan sartuko dugu eta eskolako blogean ipiniko dugu etxekoek ikusi ahal izateko. Hori bai, marrazkia ordenagailuan sartutakoan zuok idatzi beharko duzue zer marraztu duzuen –zer duten gogoko– eta, bide batez, zuen argazki bat ere ipiniko dugu etxekoek ikusteko zelako polito zabiltzaten eskolan.

Ariketa horren bitartez:

  • Umeek marrazkia egin zuten
  • Umeek teklatuaz idazten saiatu ziren
  • Umeak motibatu ziren (etxetik ikkusiko bai zituzten)
  • Eskola - etxea zubia ere landu zen.

Umeek teklatuaz idaztearen alderdi batzuk nabarmendu ahal dira:

  • Baliabide manipulagarria da
  • Idazketaz duten aurrezagutzak erabil ditzakete, kaligrafiaren menpeko izan barik
  • Mundu digitalean sortzaile egiten dira (lehenengoz asko)

Umeen marrazkiak, adinak eta eurek egindakoa erakusten da segidan.

(a) 3 urte eta 5 hile: KJO9I874ºGHU
(b) 4 urte eta hilabete: OCIEA UEX OAEA
(c) 4 urte eta 5 hile: LORAK BIE
dantza egitea
(d) 4 urte eta 7 hile: DANSA EGTA
(e) 4 urte eta 9 hile: KOPAKO COKOA
(f) 6u 2h: ESKUPPILOTAN GOLSTEA
Irudia 3.1: Haur Hezkuntzako gela bateko zenbait irudi eta idatzi. Idatziak ordenagailua egin zituzten haurrek

Umeen idatzien izenburuak erabili dira:

  • 3 urte eta 5 hileko haurrak Irudia 3.1 (a) dekribatzeko KJO9I874ºGHU idatzi zuen, adierazi zuenez pelikula bat munstruena esan nahi du horrek.
  • 4 urte eta hilabeteko beste ume batek OCIEA UEX OAEA idatzi zuen Irudia 3.1 (b) azaltzeko; horrek lo egitea eta muinekakaz jolastea esan nahi du.
  • 4 urte eta 5 hileko umeak LORAK BIE izenburu eman zion 3.1 (c) irudiari, lorak biltzea irakurri zuen.
  • 4 urte eta 7 hileko beste haur batek idatzitako DANSA EGTA testuak argi erakusten du 3.1 (d) irudiak dantza egitea iradoki behar duela.
  • 4 urte eta bederatzi urteko beste ume batek KOPAKO COKOA idatzita 3.1 (e) irudikoak, kopako jokoa adierazi nahi zuela jakinarazi zuen.
  • Amaitzeko, 6 urte eta hile biko umeak ESKUPPILOTAN GOLSTEA testu gardenaren itzulpentzat eskupilotan jolastea eman zuen 3.1 (f) irudian. Azken irudi horretan eskuz idatzitako beste hainbat testu ere irakur daitezke.

Bistan denez, umeen idazteko gaitasuna nahikoa garatua dute umeek, euren kaligrafiak eta marrazkien trazuak iradoki dezakeenaren aldean.

Lanok aurren argazkiekin argitaratu ziren jatorrizko blogean, familiek etxetik ere ikus zezaten.

Hainbat tokitan sor eta ostatu daitezke blogak, ikastetxeko zerbitzarietatik hasita.

Softwareen artean zabalduena: Worpdress

3.2 Bestelako zenbait erreminta ikasleek erabiltzeko

Tresna talde bi soilik aipatuko ditugu, biak oso erabiliak izan diren arren, gutxiago erabiltzeko joera ikusi da aspaldion. Ez da baztertzekoa, baina, enpresa handiek gure erabilera ohituretan sortzen duten lilurak baztertu izana.

3.2.1 Wiki formatuko datu base estekadunak

Testu edukietan oinarritu ohi dira eta ikasleek, zein irakasleek, erruz erabiltzen dugu Wikipedia edo Txikipedia erabiltzen ditugunean. Baina, irakurle legez egiten den erabilera horri ez zaio lagun egin wikifikatutako edukien sorkuntzarekin. Nahiz eta aspaldi ez dela, asko erabili den, gure inguruko eskoletan gutxiago erabiltzeko joera antzematen da. Nazioartean hainbat lanetan azaltzen dira holako tresnen erabileraren onura (Fu, d. g.; Lau et al., 2016), aukera izatera irakasleak ebaluatu beharrekoa dela pentsarazi behar duena.

Hala eta guztiz ere, esteken bitartez aberastutako testuen sorkuntzan ere trebatzen dira gure ikasgeletako ume asko, ikastetxe barrutik era horretako erabilera bultzatuta zein bideojokoen-eta industriak bultzatuta.

Software asko dagoen arren, nagusiena Wikipedia eraikitzeko erabiltzen den MediaWiki dela esateko arazorik ez dago. Beste bide posible bat izan daiteke HTML teknologia eskulan-legez hartuta, esteka eta web orrien bitartez testu interaktiboak sortzea.

3.2.2 Ideiak maparatzeko softwarea

Hizkuntzaren erabilerarako zuzenean pentsatuak izan ez arren, ezagutzaren errepresentazio grafikorako ereduak eraikitzeko erabiltzen diren ideia-mapak, kontzeptu mapak eta abarrek hiztunari lagun diezaiokete hizkuntza jardueretan, sortzen diren kontzeptuen irudikapen horiek baliabide kognitibo asko askatzen baitizkiote.

Harrien sailkapen bat, IHMC-ko webgunean

Kontzeptuak hizkuntza artikulatuaren lerro-izaeratik askatzen ditu Novaken kontzeptu mapen planteametuak Novak et al. (1984), bere eskutik garatu zen Softwarea Cañas eta Novak (2008), IHMC CMapTools. Tresna horren erabilera urririk uzten da, baina ez da Software Librea.

Tresnok Berritzeguneetan sailkatu dira irakurri ondorengo baliabide egokitzat.

Ideia mapen kontzeptua sinpleagoa da kontzeptu maparena baino, eta, agian, horregatik zabalduagoa da horren erabilera. Besteak beste, elementu gutxiagok hartzen du parte eta ikuskera hierarkikoa gailentzen zaio kontzeptu mapen sare ikuskerari. Seguruenik Software Libre eta irekiko FreeMind2 izango da pisurik handiena duena; eurek ezarritako formatua delako gaur egunean ere aplikazio berdintsuen arteko esportazio eta inportazioa bideratzeko.

Gaur badira alderdi estetikoa landuagoa duten hainbat baliabide eta besteren bat online erabil daitekeena: Mindomo eta MindMap, besteak beste.

3.3 Idazketa prozesua aztertzeko tekleatzearen erregistroa

Oinarritzat har ezazu kontuan idazketako eredu kognitiboaren nondik norakoa Flower eta Hayes (1981)

Idazketaren modeloa (Flower & Hayes, 1981)

Idazkuntza prozesua aztertzeko hainbat tresna digital garatu dira. Euretariko gehienak ordenagailuan era lokalean instalatutako programaren baten bitartez. Datu lapurrek erabiltzen duten erako programak dira, baina beste helburu baterako sortuak. Hitz gakoak zein diren jakiteko baino, tekleatze prozesu osoa berreraikitzeko.

Lehen Hezkuntzako gelan teknika hori gutxi erabili den arren Gnach et al. (2007), bide luzea du eginda teknikak lehenengo zein bigarren hizkuntzan (Allen et al., 2016; Kerz et al., 2020; Lacelle eta Lebrun, 2016; Leijten eta Van Waes, 2013; Van Waes et al., 2009).

Orain arte aipatutako tresnek gelan erabiltzeko arazo praktikoak dituzte oinarrian, erabili behar den baliabideak ordenagailuan egiten den guztiaren erregistroa gordetzen baitu. Horri erantzun nahirik online datuak batzen duen softwarea ere garatu berri da Chukharev-Hudilainen (2019) eta momentu berean Europako bazter desberdinetan hasi da erabiltzen beste software bat, horretarako propio garatu ez arren, tekleatze prozesuaren erregistroa zerbitzarian gordetzen duena (Abasolo, Eguskiza, eta Unamuno, 2020; Kerz et al., 2020).

Talde idazketa egiteko garatutako aplikazio libre batek; baina, aukera ematen du idazketa prozesuaren berreraikuntza egiteko. Aplikazio horrek, Etherpad izenekoak, aukera ematen du, gainera idazkuntza prozesuaren berri ematen duen fitxategia jaitsi eta aztertzeko. Horren azterketan oinarritua R lengoaian IDAT- Idazkuntza Aztertzeko Tresna paketearen garapena hasi da (Abasolo, Eguskiza, eta Etxebarria, 2020; Abasolo, 2023).

IDAT erabilita idazketa prozesuaren hainbat ezaugarri eskuratu daitezke:

  • Idazketa prozesuaren denbora luzera

  • Idazketa prozesuan idatzitako guztiaren kopurua

  • Ezabatutakoaren guztiaren kopurua

  • Idazkuntza abiadura

  • Hausnarketan igarotako denbora

  • Ekitaldi kopurua (hausnarketa umeen artean jarraian idatzitako tarteak), luzera eta iraupena

  • Egileak identifika litezke

Neurgarrien arteko batzuen berri ematen du IDATapp web aplikazioak (labur.eus/HDIBidatapp URLan eskuragai 25 orduz hilean).

IDATapp-k egun honakoen berri ematen du:

  • Prozesuan erabilitako karaktere kopuru osoa

  • Zenbat itsatsi den (talde handietan ez dabil ondo)

  • Zenbat karaktere ezabatu den

  • Zenbat denbora igaro da idazketan eta zenbat hausnarrean; horretarako denbora muga aukeratzen ere uzten du.

  • Idazketa abiaduraren berri ere ematen du zenbat karaktere idazten den minutuko kalkulatuta.

  • Azken testua osorik ematen du

  • Idazketa prozesuaren irudi bat ere ematen du, zeinetan irudikatzen den :

    • Aldaketa bakoitza gehiketa ala kenketa ekintza izan den,

    • Zenbat karaktere hartzen duen aldaketak, sarrera ordenagailua ere identifikatzen du,

    • Agileak identifikatzeko balio izan lezakeena

    • Aldaketa zein lerrotan eman den

  • Ordenagailu bakoitzetik zenbat aldaketa egin zaizkion dokumentuari, egileen ekarpen tamaina irudikatzeko balio du horrek.

Ariketa 2/2

Taldekideon artean aztertu binaka edo hirunaka zuon idatziak IDATapp erabilita

labur.eus/idat-app

Taldekideon artean eztabaidatu zuok baliabideon erabilgarritasuna gelan.

Zerk lagunduko lioke gelako irakasleari ikasleen idazketa prozesuan aurrera egiten

3.4 Talde idazketari ere begiratzea

Aurrez aipatutako sistemak, bistan denez, aukera ematen du talde idatzietako datuak ere batu eta aztertzeko. Interesgarria da, horri talde idazketaren argitan aztertzea, beraz.

Kolaborazioa elkarrekin egitea bada, idazketa kolaboratiboa azaltzeko elkarrekin sortutako idatzia da. Hori egiteko hiru estrategia nagusi azaldu zituen Sharplesek (Sharples, 1993).

Era kolaboratiboan idazteko estrategiak (Sharples, 1993)
Paraleloki idaztea

Idazleen artean, gaitasunen-edo arabera banatzen da idaztekoa. Batzuetan talde buru batek batu ditzake eta moldatu osotasun koherentea lortzeko

Sekuentzialki idaztea

Idazketa lerroa/biribila dela esan liteke. Bat hasten da idazten eta amaitu bako testua bigarren bati pasatzen dio, horrek osatzen eta egokitzen segi dezan, hurrengo hirugarren bati pasatzeko. Prozesu hau ziklikoki edo linealki gara daiteke

Elkarrekiko koordinazioan

Honelako jardunetan idazle guztiek idazten dute testu bakar batean elkarren lanak eta ekarpenak kontuan izanda, hartara bakoitzak bera ari den inguruan egokitzapenak egin ditzake

Talde lana batzuetan UPV/EHUn

Egiletzarako estrategiak Posnerrek eta Baekerrek -(Posner eta Baecker, 1992) honela sailkatu zuten:

Idazle bakarreko estrategia

Taldeko bakarrak idazten du eta besteek lagundu

Idazle banatuen estrategia

Unitateetan banatzen da egin beharrekoa eta egile bakoitzak dagokion zatia idatzi

Eskribaren estrategia

Taldeak elkarrekin egiten du eta bakarrak idatzi

Taldekako idazketarako estrategia

Taldekide guztiek berbarik berba erabaki idatzia

3.4.1 IDAT taldeko idatziekin

Aurrez aipatutako R-rako pakete hori erabil daiteke taldeko idatziak aztertzeko ere Abasolo eta Eguskiza (2023); horixe erabilita irakasleak aukera izan dezake taldekideen jarduna aztertzeko azken testuaren azterketaz gain.

Idazle banatuen estrategia

Idazketaren erdian esrategia aldaketa

Elkarrekiko koordinazioan idatzia, antza.
Irudia 3.2: Hiru taldetako hiru lan estrategia motaz, IDAT V0.1 erabilita aztertuta

Etxerako ariketa

Euskaraz (ere ba)diren webguneen zerrenda sailkatu.

Zerrenda horri taldekide bakoitzak beste bostekin hornitu beharko du. Bost horiek gehitzeko honako ezaugarriak izan behar dira kontuan:

  • Izena
  • Esteka
  • Egilea
  • Helburua
  • Datuak batzea
  • Erabilera didaktiko posibleak

Eskatu zerrenda niri


  1. https://framapad.org gomendatu dugu klasean↩︎

  2. https://sourceforge.net/projects/freemind/↩︎