Lehenengo gaia

Gaia: Hezkuntza ingurua, hizkuntzen agerrera eta curriculuma

Erronka: TikTok erako bideoak sortu edukien gaineko zuon argudioak erakutsiaz

Erronka: Hezkuntza Sistemaren Hizkuntzen Trataeraren Analisi Kritikoa

Deskribapena:

Talde bakoitzak TikTok erako bideo sorta bat sortuko du, hezkuntza sistemaren hizkuntza trataera modu kritikoan aztertuz. Bideoek eduki desberdinak barne hartuko dituzte eta ikuspegi integrala eskainiko du sortak. Helburua da ikasleek hizkuntzen irakaskuntzan, ikaskuntzan eta, zehazki, didaktikan dauden erronkak eta aukerak aztertzea, hausnartzea, iritzia sortzea eta berori aurkeztea.

Helburuak:

  • Ikasleek hezkuntza sistemaren hizkuntza trataeraren inguruko ikuspegi kritikoa garatzea.
  • Eduki teoriko-praktikoak modu dinamiko eta erakargarrian azaltzea.
  • Ikasleen argumentazio eta komunikazio gaitasunak garatzea.

Egitekoak:

  • Talde bakoitzak gutxienez gaiko bideo bat eta kideko bideo bat eta gehienez hamar bideo sortu behar dituzte.
  • Bideo sortek eduki teorikoak eta praktikoak barne hartu behar dituzte
  • Ikasleen bideo sortek argudioak eta ikuspegi kritikoa erakutsi behar dituzte
  • Bideoak beste ikasleek ere ikusiko dituzte, eta talde bakoitzak bere ikuspegi osoa aurkeztu behar du.
  • Txostena prozesuaren berri emanaz idatzi behar da

Pedagogia mota eta azalpena

Orrialde hauetan aurkezten da “Hizkuntzen Didaktikarako Ikuspegi Berriak” ikasgaiaren barruan gauzatuko den Erronketan Oinarritutako Proiektua. Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza metodologia didaktikoa da, ikasleriari erronka izendatutako proiektu zabala aurkezten zaio, erronka erdietsi dezaten. Errealitateko hutsune eta ahulgune bati erantzun nahi dion proiektua da, irtenbide anitz onartzen dituena eta lankidetzan garatzen dena. Proiektu bidezko ikaskuntzaren metodologia berritzailea da. Nahiz eta metodologia hau 2000. urtean hasi zen garatzen, Vanderbilt, Northwestern, Texas eta Harvard/MITeko Ingeniaritza Ikerketa Zentroaren bidez (Harris eta Brophy, 2005).

Ikaskuntza mota honen abantailak hauek dira: ikaslearen motibazioa indartzea, problema errealak ebaztea, ikasleen lana eta ikaskuntza probetxugarriak eta mesedegarriak direla ikustea, gizartean dauden arazoekin ikaslearengan sentsibilizazioa eragitea, ingurunearen ezagutza areagotzea eta komunikazio konpetentziak garatzea. Metodologia honek zuzen-zuzenean egiten du bat UPV/EHUk proposatzen duen IKD Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa ereduarekin (UPV/EHU, 2015). Bai eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen arteko 17+1 edo 18. helburuarekin ere, UPV/EHUk Nazio Batuen Erakundeak proposatutakoei gehitutako azkenengoarekin, alegia: “hizkuntza eta kultura aniztasuna” (UPV/EHU, 2019).

Ikaskuntza metodologia hau aukeratu da ikerketa askotan erakutsi duelako erabilgarritasuna beste metodologia batzuekin alderatu denean. Cordray et al. (2009) ikerketan, bioingeniaritzan erronketan oinarritutako moduluen eraginkortasuna aztertu zen. Emaitzen arabera, metodologia honek ikasleen errendimendua nabarmen hobetzen du. Monterreyko Teknologikoaren txostenak (Innovación Educativa del Tecnológico de Monterrey, 2016) (2016) EOI-ren egitura azaldu eta metodo honek ikasleen motibazio eta inplikazioa nola handitzen duen erakusten du. Era berean, Abasolo et al. (2021) ikerketak ikasleen komunikazio gaitasunak garatzeko videocast-en erabilera aztertzen du, ikasleek taldeko lana eta teknologia berrien erabilera nola baloratzen duten erakutsiz.

Irudia 1: Erronkan Oinarritutako Ikaskuntzaren egituraren irudikapena The Legacy Cycle, Cordray et all. (2009)

Erronketan Oinarritutako Ikaskuntzaren ekarpenak eta abantailak kontuan hartuta, ikasgai honetan hainbat eduki metodologia honi jarraiki landuko dira. Horrenbestez, proiektu honetan, ikasleei planteatzen zaien erronka hauxe da: TikTok erako bideoak sortzea, ikasgaiaren eduki teoriko eta praktikoak jorratuz eta ikuspegi kritikoa erabiliz. Bideo horiek besteek ere ikusiko dituzte, eta gaiaren inguruko osotasun ikuskeraren bat irudikatu beharko dute.

Erronka horri erantzuteko ikasleek taldean egingo dute lan, ohiko talde txikietan, 5-6 kideko taldeetan. Proiektu honetan Cordrayk-eta (2009) definitutako bost uneak, Irudia 1, lau fasetan ulertzen da. Hasiera batean ikasleei erronka aurkeztuko zaie; hurrengo bigarren pausuan ikasleek testuingurua definituko dute, testuinguru horri nola erantzun pentsatu, askotariko informazioa bildu eta proposamena diseinatuko dute. Diseinu hori gauzatu eta sortu egingo dute hirugarren fase batean, eta laugarren fasean lorpenen komunikazioa egingo da, ahoz eta idatziz.

  1. fasea: Erronkaren aurkezpena
  2. fasea: Ideiak garatu - Askotariko ikuspegiak
  3. fasea: Ikertu, diseinatu eta sortu
  4. fasea: Materialaren azalpena eta dibulgazioa: ahoz eta idatziz

Esan bezala, lehenengo fasean erronka aurkeztuko da eta horrekin lotutako antolakuntza eta akademia alderdiak xehetuko.

Bigarren fasean, ikasleek erronkaren inguruko ideiak garatuko dituzte taldeka. Horretarako, askotariko ikuspegiak hartuko dituzte kontuan: ikasgaian aurretik landutakoak, euren esperientzia propioa, irakaslearen laguntza eta ikuspuntua, iturri bibliografiko anitzak eta abar.

Hirugarren fasean, taldetan testuingurua definitu ostean, testuingurura egokitzen den material didaktikoa diseinatu eta sortuko dute ikasleek, horretarako, informazio bilketa eta aukeraketa kritikoa egin beharko dute.

Laugarren fasean, egindako materialaren berri emango dute idatziz eta ahoz. Idatziz, osatuko duten txosten idatzian eta ahoz ikasgelaren aurrean egingo duten proiektuaren aurkezpenean.

Justifikazioa

Laster izango dira 60 urte hezkuntzan Phillip W. Jackson-ek ikastetxeetan egindako etnografia lanetan hezkuntza-gertaera zenbait identifikatu zituela (Jackson, 1968). Inplizituki eta ikas-irakats prozesu antolatuen pare, garatzen diren bestelako prozesuak erakutsi zituen; ezkutuko curriculum izendatu zituen.

Hartara, eta pedagogia kritikoak seinalatu dituen hainbat curriculum elementu baliokotzat jota, esan dezakegu curriculumaz berba egiten dugunean ez dagoela hain argi zer ari garen aipatzen, baldin eta zehazteko ahalegina ez badugu egiten (Cabrera, 2016; Eisner eta Vallance, 1974). Agerikoa zein ezkutuko curriculumak bat egiten dute eskola erakundearen produkzioa den neurrian. Hain da ze, eskolak, eskola den neurri horretan, curriculuma baino besterik ez du egiten (Bilbao Bilbao, 2002). Diseinatu nork egiten duen eta zein elementuri tokia eman edo zeini ez, bestelako kontua da. Elementu desberdintzat hartu behar ditugu curriculum agerikoaren diseinua, eta curriculuma bera. Izan ere, oraingo legedian lausotu den arren, legean ere hala zuen izena, Oinarrizko Curriculum Diseinua (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, 1992). Orain berriro lausotu da zeinua eta adierazitako objektuaren1 arteko aldea; gaur Euskadin curriculum diseinua eta diseinuari dagozkion irakasleen eginkizunak direla esan liteke, legearen prismatik begiratuta. Hartara, aukeraketa horri begiratu behar zaio ez soilik bere testualtasunean, baizik eta pragmatikan hartzen duten formatik ere bai.

[Curriculuma] gertaera soziala eta historikoa da, beraz, zeren, modu eta eduki batzuk hautatuz eta beste batzuk baztertuz, une historiko jakin bateko tresna ideologiko eta eragile garrantzitsu bihurtzen baita. Arazoaren muina, ordea, honetan datza: balekotzat edo baliozkotzat onartzen diren ezagutzak eta moduak zeintzuk diren eta zeintzuk baztertzen diren ezagutzea, baina nork erabakita eta zertarako egiten den jakitea ere.

(Ezkurdia Arteaga, 2004)

Egun hezkuntza sistemarako zehazten diren ikasleen irteera profilari begiratu behar zaio ageriko curriculumaren izaeraz hitz egiteko eta, zehazki horrek eraman behar gaitu arauari begiratzera, hizkuntzen jakintzaren akreditazioa arautzen duen Europako Erreferentzia Marko Bateratuari, hizkuntza-komunikazio gaitasunari eta hizkuntzen komunikazio esparruaren eraikuntzari. Horrela, lehenengo gai hau hornitu da lau eduki eta horien lanketaz.

Ikasleek iritzi bat eraiki behar du hizkuntzak zein toki hartzen duen indarrean dagoen Curriculum Diseinuan, horretarako talde lanean hizkuntza-komunikazioa, Hizkuntza-Komunikaziorako Konpetentzia eta Konpetentzia Eleaniztun deituek zer liratekeen eta zein toki hartzen duten aztertu eta mapeatu beharko dute.

  • Gai guztiaren hasieran curriculumaren ikuskera azaltzeko testu hau landuko da, curriculumaren nondik norakoaz eta hezkuntzaz pentsatzeko markorako aurrejakintzak kontzientziara ekartzeko: Santos Guerra (1992)
  • Hurrengo, hezkuntza jardunaren antolaketarako uneko curriculum-arauak landuko dira: (Hezkuntza Saila, 2023a, 2023b).

Irakasle lanerako formazioan ari direnek ezagutu eta erabili behar dute haien lana eta jarduna izango (ahal) dena arautuko duten ideiak eta idatziak. Ikasgaiaren erreferentziazko edukia izango da, neurri handi batean, ikasleak lehenengo klase honetan egingo duen azterketa. Eta ez soilik ikasgairako, baita ere laugarren mailan egingo duten praktikaldian eta etorkizuneko enpleguan ere, beste dekretu batek hauek baliogabetzen ez baditu.

Hizkuntzen didaktikari buruz mintzo bagara, europar ikuskera zein den jakin beharra dago. Hezkuntza inguruko legeen diseinua zein, zehazki, irakats-ikas egoeren diseinurako, laneko aukeretarako akreditatzeko eta abar, Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) erabiltzen da. Ikasleak hori ezagutu behar dute. Problematizazio mailan, europar markoan nola erabili diren hizkuntzak EEMB eraikuntzan eta inguruko hainbat erabakitan. Maila praktikoan, berriz, artean ikasle direnek ezagutu behar dute zer den Advance edo EGA akreditazioz gainera EEMBko mailak. Eta, zehazki, ezagutu behar dute euren ikasleek erdietsi behar luketen irteera profileko komunikazio gaitasun maila hizkuntza bakoitzean. Horretarako, hiru zeregin izango dituzte; EEMBarekin zabaldu zen hizkuntz portfolioan oinarritutako autoazterketa bat, mailen maila batzuen deskribapena eta ikasleen ekoizpenek izan beharreko ezaugarrien deskripzioaz azkena.

  • Hizkuntz komunikazioa aztertzeko eta ebaluatzeko egun erabiltzen den EEMB eta horrekin lotutako portfolioa:
    Davis et al. (2004)
    Europako Kontseilua (2022) Europako Kontseilua (2005)

Aipatu arren, curriculum diseinutik aparte geratzen diren hainbat hizkuntza “ez-curricular” ere bada. Horrekin zer gertatzen den, arauak zer dioen, zein toki izan lezakeen eta zein ematen zaion eskolan eta gizartean. Zalantzoi nolabaiteko erantzunak emateko eskatuko zaie proiektuko hirugarren astean. Horretarako Hezkuntza Saileko zenbait weborri eta dokumentu bi erabiliko dira, aurreko klaseetako dokumentuez eta apunteez gain.

  • Immigrazio hizkuntzak eta ikastetxeak
    Emigrazioko doluetan bigarrena hizkuntza Achotegui Loizate (2000)
    Hezkuntza Saila (2017)
    Hezkuntza Saila (2019)
    Larrea et al. (2013)

Gai honetan kolpeko zaion azken edukia Informazio eta Komunikaziorako Tresnak da. Edukiak izena du plural eta pluralak ere badira oratzeko ikuskera posibleak. Honetan problematizatuko dira hiru inguru: (1) erabiltzen diren teknologiok nork eta zelan ekarri dituen gelara,(2) zer egiten duen irakasleak eta zer eragiten duen; eta, azkenik, (3) zein hizkuntzatan erabiltzen den, zergatik, eta horrek zein ikaskuntza motara bideratzen duen.

Aurkeztuko dira zenbait baliabide; gehienbat euskararen erabilera eta datuen babesa bultzatze aldera. Egin beharreko klaseko ariketetan aztertu beharko dute euskara nola jar daitezkeen eurek erabiltzen dituzten tramankulu digitaletan. Hizkuntzaren eta euskararen lanketarako egokiak diren online baliabideak aztertu eta sailkatu beharko dituzte.

  • Informazio eta Komunikaziorako Tresnen erabilerak
    Pankaja eta Mukund Raj (2013)
    Julio (2015a)
    Julio (2015b) Euskararen Aholku Batzordea eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (2016)

Lantzen diren konpetentziak

Erronka honen garapenaz ikasleak landuko ditu zehaztutako zenbait gaitasun, ikasgaiko bat, mailako bi eta UPV/EHUk zehaztutako zeharkako bost.

Ikasgaian: (C) Ikastetxean hizkuntzen presentziaz aztertzea eta arrazoibideak ematea, hezkuntza premiei eta helburuei egokitasunez erantzuteko, ebidentzietan oinarrituta.

Maila: 4) Hausnartzeko eta argumentatzeko autonomia-gaitasuna garatzea ikasketen eta lanaren gaineko iritziak emateko, erabakitzeko eta hezkuntzari lotutako arazoak konpontzeko, bai bakarka bai elkarlanean. Komunikazioa eta arloak ardatzarekin lotua. 5) Komunikazio-gaitasunak erabiltzea Autonomia Erkidegoaren bi hizkuntza ofizialetan erreferentziako Europako esparruaren C1 maila eskuratu arte. Komunikazioa eta arloak ardatzarekin lotua.

UPV/EHU zeharkakoak: Pentsamendu Kritikoa, Komunikazioa eta Eleaniztasuna, Talde Lana, Gizarte Konpromisoa, Informazioaren Kudeaketa eta Herritartasun Digitala.

Ikaskuntza emaitzak

  1. Hezkuntza-errealitatearen hizkuntz dimentsioa aztertzen du ebidentzietan oinarrituta.

  2. Arrazoibideetan hezkuntzaren hizkuntz dimentsioko elementuak erabiltzen ditu, hezkuntza helburuei buruz ari denean.

  3. Hezkuntza-premiei eta helburuei erantzuteko arrazoibideak ematen ditu hezkuntza inguruaren hizkuntz-dimentsioa kontuan hartuta.

PK01 Behaketa sistematikoa erabiltzen du, hainbat egoerari buruzko gogoeta egiteko oinarrizko teknika gisa. PK02 Egoera baten azpian dagoen arazoa identifikatzen du; hura objektiboki ulertzeko beharrezkoa den informazioa biltzen du, eta elementu esanguratsuak aukeratzen ditu. PK03 Egoera edo arazo bat azaltzeko hipotesiak adierazten ditu, hura definitzen duten alderdi objektiboak eta subjektiboak identifikatuta. PK05 Hainbat iturritatik eskuratutako informazioa interpretatzen du, haren egokitasuna eta irismena ikuspegi kritiko batez baloratuta. PK06 Inguruan duen errealitatea zalantzan jartzen du, eta horren baitan dauden printzipioak, gertaerak, jarrerak eta balioak analizatzen ditu, bere jarrera propioa definitzeko. PK09 Aldez aurretik ezarritako helburuak lortzeko bete beharreko lanerako plana sistematikoki diseinatzen du. PK15 Hainbat arlotako ezagutzak erlazionatzen ditu, egoera konplexuen aurrean diziplinarteko erantzun bat emateko.

TL05 Lankidetza lanerako plan errealista eta egingarri baten diseinuan parte hartzen du, berari eta taldeari dagozkion zereginak identifikatuta. TL06 Dagozkion zereginak erantzukizunez betetzen ditu, helburu eta emaitza kolektiboak lortzeko. TL11 Bere gogoetak eta argudioak partekatzen ditu, taldeak egindako prozesuaren eta lortutako emaitzen baterako ebaluazioa egiteko. TL12 Ikasketa eta/edo ikerketa proiektu bat garatzen du aniztasunaren ikuspegitik, diziplinarteko taldeetan egindako lana oinarri hartuta. TL13 Beste talde batzuekin lankidetzan dihardu, sare zientifikoen eta profesionalen eraikuntzan.

KO01 Arau ortografikoak eta gramatikalak errespetatzen ditu, testu akademikoak idaztean. KO02 Idatzizko komunikazio espezializatuan egiturak eta arauak erabiltzen ditu, bai hizkuntza ofizialetan bai atzerriko hizkuntzetan, dokumentu akademikoak eta zientifikoak egiteko. KO04 Komunikazio eraginkorraren printzipioak identifikatzen ditu, bere testuinguru pertsonalean eta sozialean. KO06 Ideiak eta argudioak era ulergarrian komunikatzen ditu, ezarritako irizpide formalekin bat etorrita. KO07 Bere ideiak komunikazio eraginkortasunez adierazten ditu, hitzezko eta ez-hitzezko hizkuntzaren arteko koherentziari eutsita. KO08 Hitzezko eta ez-hitzezko adierazpena entzuleriari egokitzeko gai da, ahozko aurkezpen publiko batean, bai hizkuntza ofizialetan bai atzerriko hizkuntzetan. KO10 Ahozko azalpen batean, testuinguruaren beharren baitan kudeatzen ditu denbora eta erritmoa. KO11 Euskara eta/edo gaztelaniaren erabilera testuinguru akademiko eta/edo profesionalera egokitzen du.

GK01 Gizarte desberdintasuneko portaerak identifikatzen ditu, diseinatutako jardueretan eta/edo proiektuetan. GK02 Bere ikasketa arloaren testuinguruan, hizkuntza eta kultura aniztasuna errespetatzen duten ekintzak eta portaerak deskribatzen ditu. GK08 Jakintza arloko politika, programa edo jardun espezifikoek maila indibidualean, sozialean, kulturalean, ekologikoan eta globalean dituzten inplikazioak argudiatzen ditu. GK09 Gizarte gai esanguratsuei buruzko zentzuzko iritziak ematen ditu, bere jakintza arloko datuen interpretaziotik abiatuta.

IF05 Arduraz jokatzen du hainbat ingurune digitaletan, oinarrizko portaera arauak, entzuleak eta/edo ikusleak errespetatuz. IF06 Datuak eta informazioa eskuratzeko eta partekatzeko moduak bere identitate digitalean eta ongizate psikologikoan dituen ondorioak identifikatzen ditu. IF07 Egoki baloratzen du hainbat ingurunetan eskuratutako informazioa, haren fidagarritasuna eta garrantzi zientifikoa oinarri hartuta. IF09 Ingurune digitalak lankidetzan erabiltzen ditu, lan akademikoak eta ikerketak egiteko.

Aurrezagutzak

Ikasgaiaren hasieran helduko zaio proiektu honi, horretagatik, beharrezko aurrezagutzak ez dira izango aurreko ikasgaietan jaso beharrekoak baino. Bereziki esanguratsuak dira “curriculum” kontzeptua bere zabalean, ikastetxeen antolaera, komunikazio gaitasunaren garapena eta hizkuntzaren didaktika.

Landutako eduki teoriko-praktikoak

Hizkuntzen Didaktikarako Ikuspegi Berriak ikasgaiko hasieran egin beharreko lan honetan lehenengo gaia landu beharko da, Hezkuntza ingurua, hizkuntzen agerrera eta curriculuma; zehazki gai honen barruan lantzekoak diren lau edukiak erabiliko ditu ikasleak horren gaineko hausnarketaz ikaskuntza esanguratsuak erdiesteko.

  • Curriculuma zer den eta Curriculum dekretuak zer dioen
  • Hizkuntza eta komunikazioa, definizioen argitara: Hizkuntzen Ikaskuntza Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa
  • Gure hezkuntza sistemari zeharka hizkuntzatik begiratu: Immigrazio hizkuntzen trataera
  • IKTak eta hizkuntza

Laburbilduz, ikasleak lan hau eginaz, ikasgairako markoa eregiteaz batera, hezkuntzan hizkuntzaren agerreraren nolakotasunari sistematikoki begiratuko dio eta bere iritzi oinarritua ematen trebatuko da.

Taldekatzeak

Ikas taldea 5 laguneko taldetan banatuko da, jakinaz, matrikularen arabera, laukoren bat edo seikoren bat gerta litekeena. Bataz beste eta aurreko matrikulan oinarrituta zortzi edo bederatzi talde izango direla aurreikusten da.

Lan zama

Ikasgaiko lehenengo lau astetan garatuko da lanaren zatirik handiena. Espero izatekoa da ikasleek eskolatik kanpo ere lan egitea, laugarren astetik aurrera, ikasgaiko eduki guztiak ikusiak izanda osatu ahal izateko.

Zazpigarren asteko mintegietan aurkeztuko dira grabaketak eta horren gaineko eztabaida egingo da ostean, hurrengo gaiko lehenengo bi edukiren argitara ere.

Plangintza

Erronka hau aurrera eramateko prozesua lau fasetan antolatu da:

Lehenengo faseak zikloko (Irudia 1) aurkezpenarekin bat egiten du eta lehenengo eskola-astean egiteko da, erronkaren aurkezpena; bigarren faseak zikloko bigarren eta hirugarren elementuak batzen ditu, eta lau klase asteetan zehar egingo da; bigarren faseak ziklo barruko begiztari dagokio, eta laugarren astea eta zazpigarrenaren artean eskolaz kanpo egingo da; azkenik, laugarren fasea dagokio aurkezpena eta debateari, zazpigarren astean egin beharreko mintegietan garatuko dena.

Lehenengo fasea

Faseon erronka aurkeztuko zaie ikasleei.

Taldeka zein banaka ikasgaian garatu beharreko zereginen bitartez, arian arian, ikasleak joango dira identifikatzen erronkarako egoki deritzen aukerak.

Bigarren fasea

Bigarren fase honek lau bat aste iraungo du. Ikasleek baliatuko dituzte klasean erabilitako gaiak zein aurretik eginak dituzten bi praktikaldiak edo bestelako hezkuntza-esperientziak izan ditzakeenak.

Fasearen amaieran lehenengo entregagarria idatzi beharko dute ikasleek eta irakasleari entregatu EHUbox-en karpetaren bidez. Irakasleak hurrengo saiora orduko egingo du zuzenketa eta ikasleei feedbacka emango. Feedback hori aurrez aurre egingo da eta taldeko-tutoretzara deituak izango dira aste horretan zehar. Bigarren fasea ezinbestekoa da horren gainean eraikiko baita gainerakoa.

Hirugarren fasea

Hirugarren fase honetan, ikasleek bideo ekoizpena bideratu beharko dute. Horretarako, eurek ezarri nahi duten komunikazio erarako egokientzat deritzen ikuskera eta modua garatu beharko dute, teknikoki zein komunikazio ikuskeratik.

Ikasgelan eskolak diseinurako probestu behar izan dutenez, ez da espero denbora gehiegi eskaini behar izaterik. Hala ere, irakaslearekin tutoretzak egin ahal izango dituzte astean zehar eskola-ordutik aparte.

Laugarren fasea

Azken fasean taldeek sortutako baliabideak aurkeztuko dituzte mintegietan beste ikasleen aurrean, debatea sortzea helburu. Sortutako baliabideak sare sozialetan partekatuz gero, parte hartzen duten ikasleen arteko partekatzea bultzatuko da.

Bideozko ekoizpenez gain, irakasleari idatzizko txosten/protfolioa ere emango diote, bideoetako nondik norakoak azalduaz; zein mintegian bizitakoen laburpen batekin.

Kronograma

Fasea Urratsa Irakasleak 1 2 3 4 7
1 Erronkaren aurkezpena Aurkezpena egingo du x
2 Talde bakoitzak edukien lanketan oinarritutako proposamena egingo du Irakasleak ikasleen lanak gainbegiratuko ditu eta feedbacka emago die ahoz x x x x
3 Taldekideek komunikazio proposamenak idatzi eta bideoz grabatuko ditu Tutoretzak egingo ditu behar duten ikasleekin x
4 Sortutako bideoen aurkezpena
Eztabaida
Lan idatziak
Irakasleak azken kalifikazioa emango die ikasleei x

Entregagaiak eta balioa

Proiektuak sei entregagai ditu, eduki bakoitzeko bat gehi komunikazioaren lanketari dagozkion biak. Horrela, segidako taulan zehazten den moduan banatzen da kalifikazioarekiko proiektuaren ekarpena.

  • Astean asteko entregagaiak
  • Bideoak
  • Txosten idatzia
Lehenengo eskola-proiektuko entregagaien hurrenkera
Fasea Astea Entregagaia % Ikasgaian
2 1 Curriculum Dekretuan hizkuntzaren kokapenaren mapeoa 1 0.1
2 2 EEMBen mailen araberako testuak identifikatu 1 0.1
2 3 Hizkuntza ez-ofizialetako baliabide eta informazioaren mapeoa 1 0.1
2 4 IKTen baliabideen sailkapena 1 0.1
4 7 Bideoak 5 0.5
4 7 Txostena, aurkezpena eta debatea 5 0.5

Ebaluazio irizpideak

Lanaren ebaluazioak egiteko hiru errubrika sortu dira. Bat bideoak banaka ebaluatzeko, beste bat talde lana oro-har hartuta eta, azkenik, hirugarrena idatzizko lana ebaluatzeko.

Beharrezko materialak

  • Lau eskoletan landutako bibliografia zein horrekin lotutako bestelako ebidentziak
  • Bideokamera bat, telefonoak erabiliko direlakoan horretarako
  • Ordenagailua eta bideo ediziorako aplikazioak, telefonoa erabiliko delakoan horretarako
  • Ikasgaiko apunteak

Irakaslearen funtzioak

Irakasleak erronkaren aurkezpena egingo du. Aurrera eroateko egin beharreko pausuak, garatu beharreko lanak zein izango diren, nolako lan banaketa egin beharko duten eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak zein diren.

Hasierako azalpenen ondoren, irakasleak tutore rola hartu beharko du motibatu, gidatu eta, oro har, lagunduaz lanean parte hartzea bultzatuaz; ikasleekiko laguntza pertsonalizatua bideratuaz.

Amaitzeko, irakaslea arduratuko da lanen ebaluazio adostuaz eta, azken-azkenik, kalifikazioaz.

Emaitzak

Proiektuaren azken emaitza izango da hizkuntzaren didaktika markoaren inguruko hainbat puntu interesgarriren zerrenda heterodoxo eta sakona sortzea, ikasleek ikasitakoa aplikatuz eta hausnarketa kritikoa eginez lortutakoa. Horrek ikasleei aukera emango die hizkuntzen didaktika eta hezkuntza sistemaren inguruko ikuspegi zabala eta kritikoa garatzeko oinarriak ezartzen, baita ere jakin beharreko hainbat ezaugarriren berri jakiten ere.


  1. designatum↩︎