3 Nola ikasten du umeak hizketan?

Komunikazioaren garapena lehen urteetan etxean eta eskolan

Nola ikasten du umeak hitz egiten? Horixe da ikasgai honetako ardatza. Hori garatzeko hiru atal nagusi garatuko dira:

  1. Hizkuntza komunikatzeko tresna bezala. Hizkuntzaren jabekuntza eta garapena komunikazioaren markoan.
  2. Umearen eta helduaren eginkizuna hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan
  3. Komunikazioaren garapena lehen urteetan.

Horrela, ekin diezaiogun gaiaren lehenengo atalari:

3.1 Hizkuntza: Komunikatzeko tresna

Zer behar da hizkuntzak eraginkorki funtziona dezan? Hurrengo diagramak laburpena proposatzen du.

Umeek horixe erabiltzen trebatzen dira holakoak eginaz:

  • Besteekin elkarrekintzan arituz.
  • Euren inguruko pertsonekin askotariko jarduerak biziz eta partekatuz.
  • Umearen bilakaera-momentura egokituriko estrategiak erabiltzen dituzten helduekin ekinaz.

Berez, guretzat nabarmena izan daitekeen arren, kontuan izan behar dugu hizketan jardutea komunikazioarekin lotua dela, beraz, kontuan izatekoak dira hurrengoak, segidan garatuko ditugunak:

  • Hizkuntzaren jabekuntza prozesua ez da lehenengo berbakin hasten, umearen komunikazioaren oinarriak ikastean hasten da
  • Berbaren agerrera prozesu horretan ulertu behar da, beharrizan zehatzei erantzunez sortuko den erantzun eraginkorra da hitza, hizkuntzaren garapeneko ernamuina
  • Hizkuntzaren jabekuntza eta garapena komunikazioaren markoan ulertu behar dira

3.2 Umearen eta helduaren eginkizuna hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan

Tarte honek honako azpigaitan du banaketa

  • Umeak eraikitzen du hizkuntza
  • Helduaren eginkizuna umeak egin behar duen eraikuntza horretan
  • Formatuak, helduon egingarrietako bat
  • Helduen umeekiko hizkuntzaren ezaugarri batzuk

3.2.1 Umearen paper aktiboa hizkuntzaren garapenean: umeak eraiki egiten du hizkuntza

  • Umea, jaiotzen denetik, bere esperientzia interpretatzen saiatzen da. Horretarako dituen estrategiez baliatuko da, hasieran oso mugatuak izango direnak.
  • Umearen paper aktiboa hizkuntzaren garapenean: umeak eraiki egiten du hizkuntza.
  • Umeak nahiko antzera tratatuko ditu bere esperientziaren datu ezlinguistikoak eta datu linguistikoak:
    • Ezagutzaren beste arloetan bezala, umeak aurre egiten die komunikazioan sortzen zaizkion arazoei: material linguistikoa ere aztertzen du, inferentziak eta dedukzioak eginaz, oinarrizko legeak ateratzen eta hipotesiak egiten ditu. Ez du hartzen informazioa heltzen zaion bere horretan gordetzen: berreraiki egiten du, bere aurreezagutzetan oinarrituta.
    • Aldez aurretik ezagutzen duena berrazterttzen du eta material ezagun horrekin esperimentatzen du

Lan hori egiteko, informazioa behar du hizkuntzaz eta hizkuntzaren erabileraz, informazio hori interpretatzeko estrategiak garatu eta aukeratu behar du hipotesiak nola egiaztatu.
Ume txikiaren interpretazio ahalmenak mugatuak direnez, ezinbestekoa da helduak haren lana erraztea.

3.2.2 Helduaren eginkizuna umearen eraikuntza lan horretan

Zergatik den aztertu barik, esan dezakegu lehen momentutik saiatzen dela heldua umearekin komunikatzen. Pentsa dezagun zer egiten dugun haur haioberri baten aurrean, eta gutariko gehienok (denok bagina, hobe) umeari hitz egiten diogu, berari, ez berari buruz; nahiz eta intelektualkti esango genukeen haurrak gure esanik ez lukeela ulertuko.

Helduak hori egiten duenean informazioa ematen dio umeari hizkuntzaz eta hizkuntzaren erabileraz harekin dituen harreman komunikatibo zuzenetan. Gainera, helduak umearen hipotesiak baieztatzen edo zuzentzen ditu.

Umearen lana errazten du helduak, andamiatu egiten du, haurraren gaitasunetara egokituta:

  • hasieran behin eta berriz errepikatzen diren interakzio-marko egonkor eta mugatuak (formatoak) eskaintzen dizkio
  • ume txikiari zuzentzen dizkion hizkera eta esanahiak egokitzen ditu
  • beste estrategia batzuk ere bai

Helduak arreta berezia jartzen du entzule gisa umeak adierazten duena ondo ulertzeko, eta umeak esandakotik abiatuko da gaia garatuz edo umea bultzatuz berak egin dezan

3.2.3 Formatuak: andamiatze mota

Helduaren eta umearen arteko elkarrekintza patroiak dira, testuinguru mugatu, egonkor eta ezagunetan garatzen direnak.

Partaide bakoitzaren rolak zehaztuta daude formatuetan. Umea, formatuak menperatu ahala, helduarena izan den rol hura hartzen hasten da. Hasieran helduak kontrolatu eta zuzentzen du harremana.

Formatuak normalean umearen bizitzaren eguneroko errutinen inguruan erabiltzen ditugu, jana, loa, garbiketa, jolasa,…

3.2.3.1 Formatu motak

Arreta bateratuko formatuak

helduak eta haurrak une berean arreta objektu jakin batean jartzen duteneko interakzioak. (adibidez, irudi-liburuen irakurketa)

Ekintza bateratuko formatuak

heldua eta haurra objektu jakin batekin batera dabiltzaneko interakzioak. (adibidez, hartu-emoneko jolasak, sartu-aterakoak, eraikibotakoak,…)

Adibide bat

Heldua eta haurra irudidun liburua irakurtzen

Zaintzailea (objektua seinalatuz) -: Begira

Haurra -: (…)

Zaintzailea -: Zer da hori?

Haurra -: (…)

Zaintzailea -: Txakurtxoa

Haurra -: (…)

Zaintzailea -: Bai, txakurtxoa

Zaintzailea -: Nola egiten du txakurtxoak?

Haurra -: (…)

Zaintzailea -: Uau, uau

Haurra -: Au

Zaintzailea -: Holaxe, bai, uau, uau

3.2.3.2 Zertarako formatua:

Interpretazio marko gisa funtzionatzen dute. Formatuen erabileraren bitartez, umeari inguru ulergarriagoa eskaintzen diegu eta hor berak errazago hartuko du bere tokia eta eragiteko bidea.

  • Umearentzat ulergarriagoa egiten dute haren inguruan gertatzen eta esaten dena (informazioa prozesatzeko umeak duen gaitasun mugatua kontuan hartu behar dugu)
  • Umearen parte-hartze aktiboa errazten dute (umeak egindakoak edota esandakoak erraz hartzen du esanahia testuinguru horretan).
  • Oinarrizko termino eta egitura linguistikoez hornitzen dute umea

Adibide bat: Helduak umearen diskurtsoa andamiatzen du

Ama -: Esan izekoari non egon zaren.

Umea -: Parke.

Ama -: Parkean, bai, parkean egon gara. Eta zer ikusi duzu? Esan izekoari zer ikusi duzun.

Umea -: Kua-kua.

Ama -: Ahatetxuak, ezta?

Umea -: Bai.

3.2.4 Helduak ume txikiari zuzentzen dion hizkeraren ezaugarriak

Badira ezaugarri batzuk gizarte gehienetan aurki ditzakegunak:

  • Hizkera enfatikoagoa: tonu altuak, goranzko intonazioa, azentu markatuagoak, keinuak, …
  • Erritmo motelagoa
  • Hizkuntza-sistema erraztua:
    • artikulazio argia
    • esaldi laburrak, sinpleak (sintaktikoki eta semantikoki) eta osoak
    • ohiko lexikoa: konplexutasun eta dibertsitate gutxiagokoa
  • “Orain eta hemen”ari oso lotua
  • Galderazko, agintezko eta harridurazko perpausa ugari
  • Arreta lortzeko dei ugari
  • Errepikakorra
  • Hedatzeak (umeak esandakoa gramatikalki osatu edota semantikoki aberasten duten produkzioak)

3.3 Komunikazioaren garapena lehen urteetan

Tarte nagusi bitan ulertu behar da oraingo atala, komunikazio aurrelinguistikoa eta komunikazio linguistikoa. Horrezaz gain, tarte bakoitza ere bitan zatitu behar dugu hobeto ulertzeko, hastapen momentuak eta garapen momentuak. Hala ere, kontuan izan behar dugu hain argi eta zehatz zatitzen duguna ideien planoan ez dela erraz mugatzen sarri.

3.3.1 Komunikazio aurrelinguistikoa

3.3.1.1 Hastapenak: 0-4 hilabete

3.3.1.1.1 Umeak
  • izaki aktiboa: bere inguruarekin harremanetan jarri eta interpretatuko du
  • inguruarekiko duen harremana ez homogeneoa: portaera ezberdinak pertsonekin eta objektuekin
  • berezkoa duen portaera-bagaiari esker (erreflexuak, biorritmoak, aurpegiekiko duten erakarpena, giza ahotsa beste soinuetatik bereizteko ahalmena, bokalizazioak…), harreman sozial primitiboak helduarekin, portaera horiek intentziorik ez badute ere Komunikazio aurrelinguistikoaren hastapenak
3.3.1.1.2 Helduak
  • Lehenengo momentutik saiatzen da umearekin komunikatzen:
    • umearen portaerak intentzioz janzten ditu
    • bere portaera umearenera egokitzen du: umearen mugimenduak, keinuak eta bokalizazioak berak egiten dituenekin txandakatzen saiatzen da (proto-elkarrizketa)
    • interakzio-marko egonkor, mugatu eta errepikakorrak eskaintzen dizkio umeari, bera izanik bien arteko harremana kontrolatu eta zuzenduko duena (formatoak)
  • Umearentzat oso gratifikanteak diren afektibitate adierazpenak erakusten dizkio

3.3.1.2 Garapena: 5 - 12 hilabete

  • 4-6 hilabeterekin, pertsonek ez ezik objektuek ere atentzioa emango diote umeari eta umea-heldua bikotea triangelu bihurtuko da
  • umeak portaeren balore komunikatiboa ikasiko du pixkanaka (“naturalki” dituen portaerak “kulturarki” erabiltzen) eta keinuak, aurpegi-aiderazpenak, begiradak (batzuetan, bokalizazioez lagunduta) bere asmoak, desioak, interesak adierazteko erabiliko ditu
  • bokalizazioak gero eta gehiago hurbilduko dira inguruko hizkuntzaren soinuetara
  • urtearen bukaeran sortuko diren jolasak oso garrantzitsuak izango dira komunikazioaren garapenerako, elkarrizketaren arauak jarraitzen dituztelako (“jolas formatuak” Bruner-en hitzetan)
  • afektibitateak jarraitzen du izaten haurrak komunikazioan egiten dituen aurrerapenen eragileetako bat

3.3.1.3 Jolasak eta komunikazioaren garapena

Urte bukaeran sortzen diren jolasek (hartu-emanekoek, sartu-aterakoek, eraiki-botakoek, kukuarenak,….) elkarrizketaren arauak jarraitzen dituzte.

Jolasteko:

  • derrigorrezkoa da asmoa adierazten jakitea eta baita bestearen asmoa interpretatzen jakitea: asmoaren iragarpena
  • testuingurura erreferentziak egin behar dira: Mekanismo deiktikoen erabilera
  • gai bat konpartitzen ikasi behar da eta horren inguruan bariazioak egin: Ustekizunak kontrolatzea

3.3.2 Komunikazio linguistikoaren

3.3.2.1 Hastapenak: 12-24 hilabete, keinutik berbara

  • Garapen biologiko eta kognitiboan aurrera egin ahala eta komunikazio esperientzia gehiago eta konplexuagoak dituen neurrian, umeak asmoak zehaztasun handiagoz eta modu ekonomikoago batez komunikatu nahi izaten ditu eta horrek berba erabiltzera bultzatzen du. Berbek hauek ordezkatzen dituzten keinuen funtzioak betetzen dituzte: eskatzea, eskaintzea, ukatzea, …
  • Umearen lehenengo berbek ez dute helduentzat duten esanahi bera eta pixkanaka egokitzen joan behar izaten du helduek egiten duten erabilerara
  • Lehenengo urtearen bukaeran (18-24 hile) berbak funtzio berriak adierazteko erabiltzen ditu: informazioa eskatzeko, galderak erantzuteko, …

3.3.2.2 Garapena: 2-3 urte

  • Umearen hiztegia izugarri hazten da, kategoria gramatikal guztietako berbak erabiliko dituelarik (izenak, aditzak, izenordainak, adjektiboak, artikuluak, …). Aditzak infinitiboan eta orain aldian
  • Hitzen lehenengo konbinazioak
  • Hiru urte betetzear dagoela, gai da mintzagaiari jarraitu eta hari informazioa gehitzeko, argitzeko eskaerak egingo ditu, …

3.3.2.3 3 urteko umea

Sozialki

Interakzioak izan ditzake hizkuntza erabiliz, elkarrizketaren oinarrizko arauak ezagutzen dituelako. Hala ere, interakzioaren arrakasta eta iraupena gaiaren eta solaskidearen trebetasunaren araberakoa izango da.

Kognitiboki

Bere mundua kategorizatu du eta gertaeren buru-errepresentazioak erabiltzen ditu gertakizun horietan parte hartzeko, gertatuko dena aurresateko eta gertatutakoa gogoratzeko.

Linguistikoki

Oinarrizko egitura linguistikoak eraiki ditzake bizi izandako gertakizunen berri emateko eta, inoren laguntzarekin, ordura arte partekatu ez duen informazioa emateko.

Hala eta guztiz ere, mintzagaian modu jarraituan eta helduek lagundurik aritzeak inplikatzen duen oso trebetasun mugatutik berdinekin eta informazio ez partekatuen inguruan erraztasunez aritu arte bide luzea geratzen da (M. Comadevall & MC. Cardona).

3.3.3 HHko lehen zikloko irakasle batek kontuan hartzekoa

  • Umeak trebetasun komunikatiboak besteekin era askotako egoeratan dituen harreman komunikatibo indibidualetan menperatzen ditu
  • Interakzio horietan eginbeharrekoa umearentzat motibagarria izan beharko da eta bere ahalmenetara egokitua, inplika dadin
  • Hasieran interakzioaren antolaketa helduaren esku egongo da
  • Afektibitatea haur txikiaren garapenaren eragile inportantea da

3.3.4 3-6 urteko umea

  • Askotariko interakzio-testuingurutan hartzen du parte, asmo eta solaskide ezberdinekin, hizkuntzaren erabileran duen esperientzia zabalduz eta aberastuz. Berdinekiko interakzioak gero eta garrantzia handiagoa.
  • Garapen kognitiboan ere aurrerapen inportanteak garai honetan: 3 urterekin duen egozentrismoa gaindituz joango da, espazio eta denbora erlazioetan aurrera egingo du, gaitasuna lortuko du arrazoitze logikoak ulertzeko, gai izango da bere ezagutza kontzeptu berriekin erlazionatzeko, hizkuntza bere jarduera aurreratu eta antolatzeko erabiltzen ikasiko du…
  • Hiztegia aberastuko du eta baliabide linguistiko berri asko eskuratuko ditu
  • Aurrerapen handiak hizkuntzaren erabilera kontestualizatuan eta lehenengo pausuak erabilera deskontestualizatuan
    • 3 urterekin gaitasuna helduaren erabilera deskontestualizatua ulertzeko, gaiak sinpleak eta umearentzat erakargarriak direnean. Baina arazoak bere diskurtsoan “hemen eta orain”a gainditzeko. Horretarako zailtasunak: a) oraindik egozentrismoa gainditu gabe; b) espazio-denborazko erlazioen menperatze-prozesuaren hastapenetan dago eta ezin du diskurtsoa horren arabera antolatu.
  • 4 urterekin ulertzen du helduaren diskurtso deskontestualizatuaeta trebatzen hasten da diskurtso deskontestualizatuetan. Egozentrismoa gainditzen. Gaitasuna oinarrizko espazio-denborazko erlazioak adierazteko eta aurrerapenak erlazio logikoen trebakuntzan ere, nahiz eta oraindik mugak izan erlazio horiek hitzez adierazteko.
  • 5 urterekin gai da produkzio-testuinguruan presente ez dauden gauzez eta gertaerez hitz egiteko
Erabilera kontestualizatua: produkzio-testuinguruaren menpe Erabilera deskontestualizatua: produkzio-testuinguruarekiko dependentziarik ez
Mezua adierazteko eta ulertzeko laguntza ez-linguistikoa
Produkzio-testuinguruak informazioa ematen du
Ez-hitzezko kodeak erabiltzen dira
Mezua adierazteko eta ulertzeko hitzetan oinarritu behar
Produkzio-testuinguruak oso informazio gutxi
Ez da ia erabiltzen ezhitzezko koderik
Esanahia zuzenean negoziatzeko aukera Askotan aukerarik ez esanahia zuzenean negoziatzeko
Hiztegi eta egitura linguistiko arruntagoak Hiztegi zehatza eta egitura linguistiko konplexuagoak

Hizkuntza umeak besteekin komunikatzeko duen tresna izatetik, bere buruarekin komunikatzeko tresna ere bihurtuko da, eta bere inguruan jarduten lagunduko dio umeari:

3 urte

Hizkuntzak umearen jarduera laguntzen du, baina oraindik ez dio balio bera jarduera antolatzeko, planifikatzeko… Hala ere, bere portaera eta besteena kontrolatzen laguntzen dio

4 urte

Hizkuntza ekintza aurreratzen eta antolatzen hasten da. Hizkuntza egozentrikoa.

5 urte

Hizkuntzak ekintza aurreratzen du eta jarduera planifikatzeko eta antolatzeko balioko dio

Besteek umearekin dituzten harremanetan hizkuntza asmo ezberdinetarako erabiliko dutenez, umea erabilera edo funtzio horietan trebatuz joango da.

Umeen hizkuntza funtzioak (J.TOUGH)

3.3.4.1 Hizkuntza funtzioen garapena

LEHENENGO: norberaren burua finkatu, gidatu, kontatu

GEROAGO: arrazoitu, iragarri, proiektatu, imajinatu

Funtzioen garapena kategoria bakoitzaren barnean ere gertatzen da:

  • umeak funtzio horiek burutzeko erabiltzen dituen estrategia ezberdinek adieraziko dute garapenaren zein puntutan aurkitzen den, hau da, adierazten duen pentsamenduaren konplexutasun maila

  • Umeak hiztegia aberastu eta hizkuntzaren oinarrizko egiturak eskuratuko ditu.

  • Umearen berbetaren ezaugarri formalak:

3 urte

L1eko fonema gehienen ahoskatzea

Izenordain posesiboen (1.2. perts), adjektiboen eta erakusleen erabilera

3-4 hitzeko esaldi sinpleak

trebetasuna baiezko eta ezezko adierazpen perpausen erabileran

aditzak indikatibozko orainaldian eta aginteran

aditzen aspektu burutuaren eta geroaren erabileraren hastapenak

4 urte

hiztegi zabala eta nahiko zehatza

pertsona izenordainen erabilera zuzena

perpaus konposatuen erabileraren hastapenak (koordinatuak, bereziki)

izenordain galdetzaileak galderetan

baldintzazkoen eta subjuntiboen erabileraren hastapenak

5 urte

L1en fonemen ahoskatze zuzena

hiztegi aberatsa

esaldi konposatuen (koordinatuak zein menpekoak) erabilera

3.3.5 5-6 urteko umea

Sozialki

Besteekiko harreman mailak ahalbidetzen dio era koordinatuan jolastea eta jolasa hizkuntzaren bidez planifikatzea, nahiz eta oraindik gatazkak gerta daitezkeen. Berbeta solaskidearen beharrizanetara eta egoeretara egokitzen du.

Kognitiboki

Bere ezagutza kontzeptualaren barnean bere kultura propioaren hainbat ezagutza dago: landareak, animaliak, makinak, zenbakiak, espazioa, denbora. Gainera, ezagutza horrek ahalbidetzen dio azalpen luzeak jarraitzea, edukia ulertzea eta garrantzitsuak diren alderdiak gogoratzea.

Linguistikoki

5000-6000 berba inguruko hiztegia du, perpaus-egitura eta egitura diskurtsiboa ondo erabiltzen ditu eta talde sozialaren barruan erabilera oinarrizkoenak interpretatzeko beharrezkoa den hizkuntzaren erabilera pragmatikoa ulertzen du.

(M. COMADEVALL – M.C.CARDONA)

3.4 Laburpena

Hezitzaileak kontuan hartzeko Egitekoak
Haurrak komunikazio egoeratan parte hartuz ikasten du hitz egiten Komunikazio egoerak sortu, antolatu
Hizkuntzaren funtzio ezberdinak garatzeko, umeak askotariko komunikazio egoeratan parte hartu behar du Era askotako komunikazio egoerak sortu, antolatu
Behar-beharrezkoa umeak komunikazio egoeratan parte hartu nahi eta ahal izatea Haurrarentzako esanguratsuak eta neurrikoak diren eginkizunak proposatu
Haurrak hizkuntzaren erabilera desberdinak elkarrizketetan ikasten ditu, berak baino gehiago dakien solaskide batekin Elkarrizketa esperientzia aberatsak bultzatu
Elkarrizketa esperientziak onuragarriak izateko, helduak umeak esan nahi duena kontuan hartu eta haren ahalmen linguistiko eta kognitiboetara egokituko da Elkarrizketetan, adi egon umeak esan nahi duenari eta egokitzapenak egin berbetan eta esanahietan
Ume txikiak trebetasun komunikatiboak besteekin dituen harreman komunikatibo zuzenetan menperatzen ditu Ume bakoitzarekin harreman indibidualak bultzatu
Komunikazioan aurrera egiteko, oso inportanteak dira afektiboki gratifikanteak diren harremanak Umeentzako afektiboki betegarriak diren harremanak bultzatu

3.5 (Biblio)grafia

Gehiago eta sakonago jakiteko, oso gomendagarria da hurrengo liburua, euskaran ardaztuta eta azalpen didaktiko ugari gaztelania zein frantsesarekin:

Gutierrez Mangado, M. J., & Ezeizabarrena Segurola, M. J. (2022). Hotsetik hitzera Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? Erein Argitaletxea.

Eta bideoetan oso interesgarriak izan litezke hurrengo dokumentalok (ingelesez ekoitzitakoak):

Ellis Entertainment (Director). (2004). Baby Human. http://www.imdb.com/title/tt1414346/

Hickman, D., Klein, L., Britain), C. F., Entertainment (Firm), R., Ltd, W. to W. T., & Networks, D. (Directors). (1994). Baby it’s you. Volume one, In the beginning., First steps. [Australia] : Roadshow Entertainment. https://trove.nla.gov.au/version/18675181

Bideoon gaztelaniazko itzulpenak ere badira, euskarazkorik ez dut ezagutzen.